Amerikako espainiar kolonizazioa Espainiar Inperioak mendebaldeko hemisferioan izandako esplorazio, konkista, okupazio eta aginte politikoa izan zen. Espainiar conquistadorrek hasi eta erregeek bidalitako funtzionario eta misiliolariek prozesua sendotu zuten. 1492 eta 1898 artean iraun zuen hedapen kolonial honen helburu nagusiak etekin ekonomikoak ateratzea eta amerindiarren artean kristautasuna zabaltzea ziren[1].
1492an Kristobal Kolon lehendabizikoz heldu zenetik, Inperioa egungo Erdialdeko Amerikan, Karibeko uharteetan, Mexikon, Ipar Amerikako eskualde askotan eta mendebaldeko Hego Amerikan hedatu zen.[2][3] XIX. mendearen hasieran, bertoko matxinada iraultzaileek Amerikako espainiar kolonien gehienen independentzia lortu zuten, Kuba eta Puerto Rico izan ezik. Hauek 1898ko Espainiar-amerikar gerraren ondorioz galdu arren, espainiar eragin kulturalak kontinente osoan dirau.